Hizkuntz normalkuntza plangintza

hizkuntza_normalkuntza_proiektuaGure ikastetxea ULIBARRI programa gisa izendatzen den Hizkuntza Normalkuntza proiektuaren parte da. Gaur egun gure erkidegoko hainbat ikastetxek osatzen dugu Ulibarri programa. Proiektu honen helburua euskararen erabilera ikastetxeko arlo guztietan bultzatzea da. Horretarako gure hezkuntza komunitateko partaide guztiek egiten dute lan: irakasleek, ikasleek, gurasoek eta ikastetxeko gainontzeko langile eta eragileek. Bereziki aipagarria da urtero D.B.H.ko Ikasleen Euskara Taldeak egiten duen lana eta beraien inplikazioa.

Aurtengo helburuen artean, ahozkotasunari garrantzi berezia ematen jarraituko dugu, euskararen erabileraren kalitatea hobetzeko asmoz. Helburu honetan aurrerapausoak emateko irailean irakasle talde batek “Hizkuntza erabilera handitzeko motibazio estrategiak eta tresnak” izeneko ikastaroan parte hartu du.

Bestalde, esan beharrekoa da Kontseiluaren “Guk zerbitzua eta lana euskaraz” ziurtagiria aurreko ikasturtean lortu zela, eta beraz, ikastetxeko zerbitzuen euskara erabileraren kalitatea bermaturik dago.

Antolamendua eta ULIBARRI programa:

  • Hizkuntza Normalkuntza plangintza hau Maria eta Jose Ikastetxean abian jarri zenetik, Ikastetxeko Hizkuntz Normalkuntzako Arduradun Teknikoa (HNAT)eta ikastetxeko Normalkuntza Batzordea (HNB) izendatu ziren. Ikastetxeko Plana koordinatu eta dinamizatzea da bi hauen ardura.Bestalde, 2012-2013 ikasturtean ere DBH.ko ikasleen Euskara Taldearekinlanean jarraituko da, aurreko ikasturtean egin zen bezala. DBH.ko ikasleen Euskara Taldeak lotura edukiko du irakasleek osatzen duten batzordearekin eta ikasturtean zehar ikasleentzat motibazio saioak eta euskararen erabilera sendotzeko ekintzak eta kanpaina ezberdinak antolatu eta burutzeko helburuarekin lan egingo du.Aurtengoan honako ekintzak burutuko ditugu: San Martin eguna, Euskararen eguna, Euskara eta Inauteriak …
  • Ebaluaketa: Ikasturte amaieran ikastetxe bakoitzak hausnarketa-galdekizuna betetzen du. Hurrengo ikasturterako plana ere sasoi horretan bete ohi dugu. Galdekizun hauen hustuketatik hainbat bilduma eta datu atera dira berriro ere ikastetxeetara itzuliz berauek elikatzeko eta Hizkuntza Normalkuntza Proiektuak sendotu eta egonkortzeko.

BIKAIN ziurtagiria:

Ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak luzatzen duena, eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duena.

2014.urtean ebaluaziora aurkeztu ondoren, URREZKO BIKAIN ZIURTAGIRIA lortu genuen, lortu daitekeen sari nagusiena. Ebaluazioak lau ardatz ikutzen ditu:

  • Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa
  • Kanpo harremanak
  • Barne harremanak
  • Hizkuntza kudeaketa

Aipatzekoa da, BIKAIN-era aurkeztu aurretik, lan handia egin genuela BAI EUSKARARI erakundearekin ere, “GUK ZERBITZUA ETA LANA EUSKARAZ” ziurtagiria lortuz 2011-2012.ikasturtean.