2022-2023 ikasturteko gai nagusia: ENERGIA, BIZITZAREN MOTORRA

Une honetan energiaren gaiak izugarrizko pisua hartu du gizarte arloan, nabarmenduz gizakiak harekin duen erlazioa eta harekiko duen beharra eta agerian utziz izakiak ekodependienteak garela. Izan ere, gure gizartearen antolaketaren oinarrietako bat da energia.

Energiarekiko dugun menpekotasun hau, alabaina, testuinguru berezian ematen da gure inguruan. Izan ere, egunerokoan erabiltzen dugun energiaren iturriak kanpokoak izaten dira (%90 inguru). Hala, horiekiko dugun menpekotasuna oso handia da.

Energiaren gaiak, lotura zuzena du eguneroko edozein jarduerekin. Batetik, bizitzaren oinarria da, izaki bizidunen prozesu fisiologikoetan garrantzi berezia duena. Bestetik, mundu mailako mugikortasunean bakarrik ez, baita aurreneko sektoretik hasi eta hirugarren sektorerainoko jarduera ekonomiko guztietan lehengaia da. Horrez gain, etxebizitzetan eta ikastetxeetan egunerokoan presentzia nabaria duen gaia da. Honakoak dira egungo energiaren datuak EAEn:

Industria: %61, hirugarren sektorea: %19 , garraioa: %17 , administrazioa: %3 (EVEren 2020eko txostena). Dudarik ez da une honetan gizartean gaiak hartu duen pisua ez dela nolanahikoa. Batetik, elektrizitatearen, gasaren eta beste hainbat erregairen prezioen igoera dela eta. Bestetik, Ukrainiako gerrak sorturiko energia dependentzia agerian utzi duelako, baina horrez gain, gizarte mailan agerian gelditzen ari den pobrezia energetikoari aurre hartzeko, hainbat proiektu ari dira jartzen martxan. Hori gutxi ez eta, energia subiranotasunaren aldeko apustua egiten ari dira. Hala, herritarrak beste mota bateko kudeaketa ari dira eskatzen. Askotan, herri mailako energia iturri ezberdinak indartu nahian, bai herritarrak taldeetan antolatuz edota Udalak berak ardura hartuz eremu horretan. Era berean, energia horiek lortzeko gizakiak sortzen duen inpaktua ere mahai gainean jarri da, erregaien eta larrialdi klimatikoaren lotura zuzena azpimarratuz.

Hau guztia dela eta, 7. Garapen Jasangarriko Helburua landuko dugu datozen bi ikasturtetan: ENERGIA, BIZITZAREN MOTORRA.

Hala, batez ere 7. eta 15. Garapen Jasangarrirako Helburuak hiru mailatan garatuko ditugu:

  • Eremu Iraunkorretan helburuak betetzeko mesedegarriak izan daitezken hobekuntzak proposatzen jarraituko dugu: hondakinen ontziratze egokia sustatu eta horretarako baliabideak behar bezala egotea, uraren edota argindarraren erabilpen egokia sustatzea eta horretarako seinalizazioa, gune berdeen mantenua, e.a. 
  • Curriculumari Jasangarritasunaren inguruko ekarpenak egingo dizkiogu. Urtez-urteko gaiari lotutako proposamenak egingo ditugu edota ordurako badagoena aberasten saiatuko gara. Adibidez, DBH1en Txikipedia elikatuz (Euskara eta Bio-Geo), Baso Magikoko landareak identifikatuz eta irakurgai jarriz QR kode bidez (Teknologia), Kanpo-Espazioen erabilera kurrikularra sustatuz, Zumaia eta ikastetxeko Energiaren inguruko datuak prozedura Estatistikoetan txertatuz (Eguneroko Bizitzako Matematika), e.a.  
  • Herri mailan urte bakoitzeko gaiaren arabera diagnostikoa burutu eta beste ikastetxeekin batera Udalera proposamenak eramango ditugu. Aurten adibidez, Energiaren jatorria, kontsumoa eta erabilera izango dira aztergai.