XIX. mendera begira jarri eta 1.600 biztanleko Zumaia etortzen zaigu burura. Garai hartan, zumaiar ia denak hango eta hemengo baserrietan bizi ziren; herrian bertan biztanleen herena besterik ez zen bizi.
Testuinguru horretan, herriko andere bat datorkigu gogora: Patxita Etxezarreta. Patxita Etxezarretak neskatxek hezkuntza izan zezatela nahi zuen.
Horretarako, On Mariano lbarguengoitia Bilboko San Antonio Abadeko erretorearen languntzaz, harremanetan jarri zen Vedruna Karitateko Karmeldarren Ama Nagusiarekin, M. Paula Puigekin, eta bere asmoa aurrera ateratzeko fundazio bat sortzea proposatu zion. (1826. urtean Vedrunako Joakinak sortutako kongregazioaren xedeetako bat herri txikietako neskei hezkuntza zerbitzua eskaintzea zen, garai hartan ematen ez zena).
Fundazioak etxebizitza eta altzariak emango zituen, bai eta urteko 5.000 errealeko kapitala ere, lau lekaimeren mantenurako. Lekaimeak, horren trukean, herriko txikienen artean hezkuntza, kultura eta ikaskuntza erlijiosoa zabaltzeko ardura izango zuten.
Bi alderdiek hitzarmen hori ontzat eman ondoren, 1871. urteko azaroaren 26an (On Diego Mariano Alguacil Gotzainaren baimena jaso eta hurrengo egunean bertan) iritsi ziren lau lekaimeak garai hartako “Villa de Zumaya”ra.
” Arratsaldeko 4etan egin zieten ongietorria Udaleko Ordezkari txit gorenak, erretore jaunak, apaizek, eta herriko pertsona nagusiek. Han bildu ziren, baita ere, herritar asko, denak ere pozez eta erlijiosa berriak ikusteko irrikaz” (Erlijio elkartearen agiritegia ) .
Urte bereko abenduaren 4an zabaldu zuten ofizialki eskola berria, eta 118 neskatxek eman zuten izena.
1874. urteko irailaren 14an, M. Romaguera Ama Nagusiak eta Patxita Etxezarreta andereak beste hitzarmen bat sinatu zuten; horren bidez, 50 neskatxa hartu zituzten eskolan, lekaime baten gidaritzapean euskara ikas zezaten.
1875. urtean, eskolaurrea zabaldu zuten, eta 90 bat neskatxak eman zuten izena. Mendea amaitu aurretik, ikasleentzako pentsioa ere antolatu zuten. Araudiak zioenez “gozotasunez eta konbentzimenduz” hartzen zituzten pentsioan ostatu hartzen zutenak.
Orduz geroztik, eta historiako gorabehera guztiei aurre eginez, Maria eta Jose lkastetxeak herri honi kalitatezko hezkuntza ematen jarraitu du, ikuspegi humanistari gogor eutsiz beti.
Bere garaian, barnetegia eta mantenu erdiko egoitza ere izan zituen Maria eta Jose lkastetxeak, aldameneko herrietako familiei laguntzeko, oso zaila baitzuten bestela beren haurrak eskolaratzea. Baina, aurrerago, zailtasun horiek desagertu ahala, zerbitzu horiek bertan behera utzi zituzten, bestelako zenbait zerbitzu antolatzeko.
Ikastetxearen lehen mendeurrenean, 1971. urtean, egokitzeko eta moldatzeko etengabeko nahiari erantzunez, gaur egungo eraikinera pasa zuten ikastetxea, Peña Gantxegi jaunak diseinatutako eraikinera, hain zuzen.
Berritzeko nahiari jarraituz, eta etorkizunera begira, gure herrian 18 urte arteko hezkuntza osoa eskaintzen dugu euskaraz.
Patxita Etxezarretari eta M. Paulak 1871. urtean emandako erantzunari ez ezik, beste hainbat eta hainbat belaunaldiri ere eskerrak eman behar dizkiegu, urte hauetan lan eta lan jardun dutelako gaur garena izatea lortu arte. Gure eskuetan dugu piztutako zuzia; eta horren laguntzaz ekiten dugu aurrera.