Jolasa ezinbestekoa da haur eta gazteen garapenerako. Hori horrela, ikastetxeetan jolasgune egokiak izatea oso garrantzitsua da garapen egoki eta osasuntsua bermatzeko.

Dakizuenez, eraldaketa pedagogiko eta arkitektoniko batean murgilduta gaude Zumaienan, eta barruko zein kanpo espazio aberatsak ari gara diseinatzen gure haur, gazte eta familientzat. Barruko espazioei dagokienez, HAUR HEZKUNTZA edo BATXILERGOA gaur egungo ikaste prozesu optimoa bideratzeko diseinatu dira arkitekto pedagogoekin. Kanpo espazioen kasuan ere, ikastetxe inguruko kanpo espazio osoa eraldatzea dugu helburu. BASO MAGIKOAREKIN eta JOLAS EREMU BERRIAREKIN, haur eta gazteen ikaskuntzarako eta garapenerako espazio erakargarriak eta aberatsak antolatu nahi ditugu.

Esan bezala, jolasa ezinbestekoa da haurraren garapenean. Alderdi psikomotorean, kognitiboan, afektiboan, sozialean edota alderdi sortzailean eragin zuzena du jolasak. Jolas-gune berritu horien bidez alderdi hauek guztiak modu egokian lantzea dugu helburu.

Baso Magikoa eta Jolas eremu berria elkar osatzeko diseinatu dira. Natura gune zoragarri bat dugu Baso Magikoan, malda ezberdinekin, belar naturalarekin, zuhaitzekin, terraza ezberdinekin, lur naturalarekin… Horren osagarri, naturalizatutako gune eder eta erakargarria izango dugu jolas gune berriarekin. Horrekin guztiarekin ikastetxe eremu aberats bat lortuko dugu, hainbat eta hainbat alderdi garatzeko lagunduko duena: hala nola hezkidetzan, zentzumenen garapenean, ikasgelako jardueratan, kirol aniztasunean eta sozializazioan.

Ikasleen nahiak eta beharrak ardatz harturik, proiektu hau guztia modu partehartzailean ari gara eraikitzen guraso, hezitzaile eta hainbat alorretako profesionalekin batera.