KONFIANTZAREN PEDAGOGIA

KONFIANTZAREN PEDAGOGIA neurozientziak haurren eboluzioari buruz erakutsi duena oinarri hartuta garatutako filosofia da. Hauxe da, hain zuzen, Dekretuak finkatutako helburuak eta edukiak lantzeko Zumaienan jarraitzen dugun hezkuntza eta heziketa eredua. Ildo honetatik, gurea den lan egiteko modu propioa eratu dugu (metodologia) eta hori aurrera eramateko, tresna eta material jakin batzuez baliatzen gara (ekintzak, espazioak).

Ikaskuntza-prozesua puzzle gisa irudikatzen dugu, eta puzzle horretako pieza bakoitza funtsezko elementu bat da: ikasleak, hezitzaileak, metodologia, denboralizazioa, ebaluazioa… Elementu bakoitzak bere garrantzia du eta elkarren arteko kohesioak behar-beharrezkoak dira.

Egoera erreal eta esanguratsutik abiatuta, ikaslearen singulartasuna eta bere ezagutza eraikitzen dugu: emozioetatik abiatuz, ikasleen arreta piztea dugu helburu, bakoitzak bere pertzepzio propioa sortu eta barnera dezan eta, ondoren, ikasketa adierazgarria bultzatzeko.

Gure lan taldearen helburu nagusienak hauek dira:

  • Gure proiektu pedagogikoaren iparra finkatzea, nor garen eta nora iritsi nahi dugun irudikatzea.
  • Aipatutako puzzle horren piezen inguruko etengabeko hausnarketa egitea.
  • Hausnarketa horien ondorioak kontuan harturik hobekuntzarako bideak ireki edo proposatzea irakaskuntzako etapa desberdinetan.
  • Beste hezkuntza ereduak aztertuz, gure proiektua aberastuko duten ideiak geureratzea.