HIZKUNTZA PROIEKTUA

Zumaiena ikastetxean lantzen diren hizkuntzen ikaskuntzari/irakaskuntzari eta erabilerari dagozkien alderdi guztiak bildu eta haien trataerari koherentzia emango dion egitasmoa da Hizkuntza Proiektua.

Bere hezkuntza- eta hizkuntza-proiektuaren ardatza euskara izanik, gure eskolak ikasle eleaniztunak nahi ditu, beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera ere barneratuta. Hau da, bertako hizkuntza propioa (euskara) eta kontaktuko hizkuntzaz gain (gure kasuan, gaztelania), atzerriko hizkuntza batean (ingelesa) ere maila egokia lortzea nahi dugu, bai eta laugarren hizkuntza bati buruzko (frantsesa) gutxieneko ezagutza barneratzeko aukera ere eskaintzea.

Hori guztia kontuan hartuta, Hizkuntza Proiektuak ikastetxeko trataera bateratua hartzen du aintzat: eskola osatzen dugun kide guztion hizkuntza-errealitatea lantzea (irakasle eta ikasleena, baina baita guraso, langile eta abarrena ere), zehaztutako lehentasunen arabera, globaltasunean aritzeko. Adibidez, hizkuntza guztien ikaskuntza/irakaskuntza ildo berean kokatzeko, eskolan hizkuntza bakoitzak izan behar duen lekua zehazteko (euskararen lehentasuna argia izanik) eta abar. Horregatik, esan genezake Hizkuntza Proiektuak bere baitan biltzen dituela bertan lantzen ditugun hizkuntza guztiak: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa.

EUSKARA ARDATZ IZANIK, IKASLE ELEANIZTUNA NAHI DITUGU.