Lehen Hezkuntzako metodologia Ikastolen Elkarteko metodologian oinarrituta dago. Lehen Hezkuntza etapa zabala den heinean (6-12urte), eta ziklo bakoitzak hezkuntza prozesuan bere zeregina duenez, hauen arteko eta beste etapekiko (Haur Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza) loturak zainduz curriculum eskaintza koherente, bateratu eta egokia eskaintzeko asmotan sortua. Lehen Hezkuntzako proiektu hau, TXANELA proiektu bezala izendatzen da eta haurren garapena sustatzeko elementu berriak eskaintzen ditu.
Horrela TXANELA PROIEKTUAK, besteak beste, honako ezaugarriak lituzke:
Haurra bere osotasunean hartzen duen proiektua:
- Gaitasunen garapenean oinarritua.
- Ikaskuntza esanguratsua eskaintzen duena eta ikasle aktiboaren bila dabilena.
- Haurraren etengabeko motibazioa bultzatzen duena.
- Aniztasuna errespetatzen duena.
- Balioen eta jarreren hezkuntzarekin konprometitua.
Euskal Herri osorako egina:
- Herrialde guztietako erreferentziak jasotzen dituena.
- Euskalduntasunetik abiatuz, kultura unibertsalerako bidea egiten duena.
Zehar lerroak landuz:
- Sexu-berdintasunerako hezkuntza eta hezkidetza.
- Giza eskubideak, harremanak eta Bake Hezkuntza.
- Osasun Hezkuntza.
- Kontsumorako Hezkuntza.
- Gizarte-komunikabide Hezkuntza.
- Bide-Hezkuntza.
- Globalizazioa.
- Ikuspegi eraikitzailea.
- Gurasoekiko harremanak bideratzeko proposamenekin.
IKT( Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) konpetentziak Lehen Hezkuntzan:
Txanela proiektuarekin elkarlanean gure ikasleek konpetentzia digitala ere garatzen dute. IKT baliabideek eskaintzen dizkiguten aukera hezitzaileei ahalik eta etekin handiena ateratzeko asmoz, adin bakoitzari egokitutako jarduerekin lan egiten da ikasleen inplikazio aktiboa areagotuz. Horretarako IKT baliabide anitzen erabilera eta lanketa eguneroko heziketa prozesuan txertatzen dira, hala nola, programa interaktiboak, office, arbel digitala, aurkezpenak egiteko power point eta prezi programak, gelago bloga, Google aplikazioak (Drive, Classroom, maps, youtube …) …
Ikasketa Kooperatiboa:
Ikasketa kooperatiboa ikasleen talde lanean oinarritutako ikasketa modu bat da. Sistema honek era askotako teknika desberdinak ditu bere baitan eta ikasleek elkarlanean erabiltzen dituzte helburu zehatz bat lortzeko. Bide honetatik Txanela proiektua aurrera eramateko azken urteotan ikastetxeko irakaslegoak formakuntza jaso du Ikasketa Kooperatiboaren inguruan, aurrerantzean lan egiteko modu berri, eraginkor eta ikasleen hezkuntzarako onuragarri izan daitezkeen egitura berri hauek gure lanean txertatu eta sistematizatzeko asmoz.
Era kooperatiboan antolatutako jarduerekin eduki guztien ikasketa indartzen da, ez soilik elkartasuna, elkarri laguntzea, desberdinekiko errespetua eta gisako balioen ingurukoak, baizik eta curriculumeko eremu guztietako eduki espezifikoagoak; eta esandako jardueretan parte hartzen duten ikasle guztien ikasketa bultzatzen da, ez bakarrik ikasketarako zailtasunak dituztenena, baita ikasteko erraztasun handiagoa dutenena ere; bestalde, ikasle guztien parte-hartze aktiboa ere sustatzen du antolatzen diren irakaskuntza- eta ikasketa-jardueretan, ikasleen protagonismoa areagotzen duelarik jarduera horien garapenean. Horrek guztiak, zalantzarik gabe, «giro» hobea sortzen laguntzen du ikasle guztien ikasketarako, bakoitzaren hezkuntza-premiak ezberdinak izanda ere. Eta, bestalde, ikasleen arteko elkarreragina errazten du eta harreman estuagoa eta kalitate hobekoa ezartzen da haien artean.