Duela bi urte, Finlandiatik irakasle eta ikasle batzuk Euskal Herriko hezkuntza sistema ezagutzera etorri ziren. Ikastetxe eta eskola desberdinen artean Zumaiena hezkuntza proiektua ezagutzeko aukera izan zuten.

Pasa den astean, Etelä-Pohjanmaan Opisto hezkuntza zentroko bi ordezkari izan ziren gurean berriz, Kutxa Fundazioko zenbait kiderekin batera. Orain dela bi urte gure hezkuntza proiektua ezagutu ondoren, oso interesgarria iruditu zaie beraien zentroko ikasleek egiten dituzten nazioarteko praktikak gurean egitea eta baita irakasleen arteko elkarlana bideratzea ere.

Azken urteetan, apustu handi bat egin dugu hezkuntza berrikuntzan, profesional onenekin elkarlanean eta hemengo zein atzerriko ereduak ongi azterturik metodologia aktiboetan oinarritu eta ikas denborak neurtu eta azpiegiturak ikaskuntzaren zerbitzura jarriz, ikasleen ikas prozesua optimizatzen dituen proiektu bat garatu dugu.

Benetan pozgarria da guretzat Finlandiako hezkuntza zentro baten eskutik lankidetza-zubiak eraikitzen hasteko eskaera. Jakin badakigu, Finlandiako hezkuntza sistema mundu mailan goraipatua dela: horrexegatik, harro egoteko modukoa da bertako hezkuntza-zentro batek Zumaiena Ikastola aukeratzea beraien haur hezkuntzako ikasleak nazioarteko praktikak bertan egiteko.

Lankidetza honen baitan, gure ikasle guztien hezkuntza eskaintza aberastea izango dugu helburu nagusi, eta lankidetza sendo eta oparo baten bidean lanean jarraituko dugu.

Izan garenaz, garenaz eta izango garenaz HARRO gaudelako!