ZUMAIENAKO familiek egindako diru-ekarpenari esker, Ukrainako 550 ikaslek eskolara bueltatzeko aukera izango dute irailean.

Orain dela bi hilabete, hitzarmena sinatu genuen UKRAINA-EUSKADI ERAKUNDEAK eta ZUMAIENA Hezkuntza Elkarteak. Elkarlanerako konpromiso horrekin, Ukrainian bizi den egoerari bizkarra ez ematea da hitzarmen honen helburu nagusia. Hori horrela, eta bi hilabete pasa ondoren, Zumaiena Hezkuntza Elkartea osatzen dugunok 1.525€ bildu ditugu Ukraina-Euskadi erakundeari emateko.

Oksana Demyanovych Erakundeko lehendakaria, Tetiana Hladkova Arabako ordezkaria eta Valentyna Zaichenko Gipuzkoako ordezkaria bertaratu dira egin dugun ekarpena jasotzera.

Emandako laguntza hau nola erabiliko duten azaldu digute, Poltava hiriko eskola bateko bonbardaketako babeslekua konpontzeko hain zuzen, babesleku hori gabe ikasleek ezin baitute eskolara joan. Gure laguntzari esker, Irailean 550 ikasle bere eskolara bueltatu ahal izango dutela esan digute.

Ukrainatik gerratik ihesi guregana etorritako ikasleak ere bertan izan dira beraien familiekin. Eskerrak eman behar dizkiegu baita udaleko ordezkari modura etorri diren Marina Bidasoro, Alex Oliden eta Arantxa Gajateri ere.

Ekitaldia momentu bereziz beterik egon da. Batxilergoko ikasleek dantza bat egin dute, eta elkartekoek ere opari bat ekarri digute.

ESKERRIK ASKO gaurko ekarpena egiten lagundu duten familia guztiei.