Barnera begiratu eta norbere buruaren kontzientzia hartzea xede

Korrika bizi gara, presaka, zurrunbiloan, ihesi, norbere barrura begiratu gabe… Gaurko gizartean isiltasunak, baretasunak, soseguak, patxadak… leku gutxi dute. Eta bizimodu mota horrek isla zuzena du ikastolan: lasaitasunik eza, kontzentratu ezina, gauza batean luzaro arreta jartzeko arazoak, asperdura, soseguan egoteko zailtasunak… .

Egoera horren aurrean, Zumaiena ikastolan barnekotasuna jorratzen hasiak dira. Lanketa horrek norbere barnera begiratzeko erremintak ematen dituelako, eta horrela, bakoitzak norbere buruaren kontzientzia handiagoa hartzeko aukera duelako: Nor naiz ni? Zer nahi dut? Nola bizi besteekin? Nolako harremanak eraiki? Nola izan arduratsuagoak inguruarekin?… Azken batean, barnekotasunak pertsonak euren dimentsio sakonenarekin harremanetan jartzeko eta nork bere burua ezagutzeko aukera ematen du.