Orain dela 2 urte hasi ginen Ander Hormazuri artista zumaiarrarekin elkarlanean. Hezkuntza, Artea eta Natura uztartzea eta gure ikasleen ikaskuntza-prozesua aberastea izan zen hasieratik gure helburu nagusia.
Orain, maila profesionalean proiektu berri bat hasteko asmoa agertu du Ander Hormazuri artistak, eta ZumaienARTE Gunea izeneko espazioa jarriko da abian urritik aurrera Zumaienan. Arte-adierazpena garatzeko, maitatzeko eta gozatzeko TAILER bat sortu da ikastolako azpiegituretan. Bertan, Hormazurik pintura-tailerrak egingo ditu bere ikasleekin modu autonomoan (herritarrei irekitako eskaintza) eta, aldi berean, orain dela 2 urte hasitako ibilbidean, curriculuma bere osotasunean aberastuko duten proiektu artistikoak garatuko ditu ikastolako adin desberdinetako ikasleekin. Proiektu honen eta beste proiektu berrien inguruko informazio gehiago ikasturtean zehar aurkezten joango gara xehetasun gehiagoz.
Bide batez, interesa izan dezaketen familientzako, Ander Hormazurik eskainiko dituen pintura tailerren informazioa helarazten dizuegu. Urrian, helduentzako tailerrak eskaintzen hasiko da (16 urtetik gorakoentzat) eta urtarriletik aurrera, berriz, gaztetxoentzako pintura-tailerrak ere eskainiko ditu.
Zuen intereserako izango delakoan.
