Select Page

Belaunaldi ezberdinen arteko elkarlana batura dela garbi izanda sinatu dugu hitzarmena Zumaienak, Otezurik (Matia Fundazioa) eta San Juan Egoitzak (Zaintzen S.A.). Belaunaldi arteko ekintzak oso aberasgarriak dira parte hartzen duten guztientzat (haur-gazteak, helduak, irakasleak, laguntzaileak…). Jakintza transmititzeaz gain, estereotipoak apurtzen dituzte, isolamendua apurtzen dute, autoestimua lantzen dute…, hau da, baloreak lantzen dira.

Gure gizarteak dituen erronkei erantzungo dien hezkuntza eraldatzailea bideratzea dugu helburu Zumaienan. Hori horrela, familiekin eta profesional ezberdinekin elkarlanean, gure ikasleei BIZIPENAK eskaintzearen garrantzia azpimarratzen dugu. “IKASKETA-ZERBITZUA” PROGRAMAREN baitan sinatu dugu lankidetza hitzarmena. Sentsibilizazio eta bizipenek egiten dute benetako ikaskuntza eta lehenengo pertsonan egoerak bizi eta ikaslea protagonista izateak, berebiziko indarra ematen dio ikaskuntza prozesuari. Era berean, pertsonei beren zahartzaroko prozesuaren ongizatean laguntzea, jakintza sortzea eta bizipen ezberdinak ematea du helburu lankidetza hitzarmen honek besteak beste.

Sinatu den lankidetza hitzarmenean ekintza ezberdinak programatu dira, ikasleen adina eta errealitatea eta helduen behar eta egoerak uztartzen dituzten ekintza bateragarriak bideratuz. Ekintza berriak hausnartu eta martxan jartzeko aukera lantzeko konpromisoa ere hartu da.

Zumaienako hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztiontzat pozgarria da modu honetan entitateekin elkarlana bideratzea, gure ikasleak izango baitira etorkizuneko gizarte eraldaketa bideratuko dutenak.