Select Page

Urtero bezala iritsi da matrikulazio garaia. Izena emateko epea urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra izango da eta 2020/2021 ikasturterako eskaerak bideratuko dira bertan. Jakinarazpen honekin batera hainbat ideia azpimarratu nahi ditugu:

  • “Konfiantzaren Pedagogia” izeneko proiektu ikusgarrian murgildurik gaude. Profesional ezberdinekin elkarlanean Zumaienako gure ikasleen hezkuntza eskaintza aberasten duten proiektu eraldatzaileak ari gara ezartzen. “BASO MAGIKOA” edo “ATELIERRA” bezalako proiektuekin pedagogia eta espazioen arteko lanketa bideratzen dugu. Gure haur eta gazteen ikasketa prozesua etengabe optimizatzen jarraitzen dugu.
  • Proiektu propioez gain mundu mailan arrakasta duten proiektuak barneratzen dihardugu. KIVA ESKOLA JAZARPENAREN AURKAKO PROGRAMA
  • Zumaian eta Zumaiarrekin osatutako proiektu partehartzailea gara. Guraso elkartearekin elkarlanean ari gara ikastetxearen oraina eta etorkizuna bideratzen. 
  • Batxilergoa ezarri denetik gure eskaintza 0-18 urte bitartekoa da, ibilbide osoa ikastetxe berean eta eraikin bakarrean egiteko aukera eskainiz.
  • “Sukalde giroan” proiektuarekin gure ikasleen eguerdiko momentua aberastu dugu. Garaian garaiko produktuak erabiltzeaz gain, 0-km politika ezarri dugu eta sukaldariak egunero prestatzen du mimoz gure ikasleentzako bazkaria.
  • Zumaian errotutako lan talde finkoak egiten duen tutoretza lan pertsonalizatuari esker, koherentziaz eta elkarlanean arituz, gure ikasleek konfiantza ezagutu eta zoriontsu izateaz gain, maila akademiko bikaina lortzen dute.
  • D ereduko ikastetxe euskalduna izanik, euskara eta euskal kultura bultzatzeaz gain, ingeleraren erabilera era berezian sustatzen da. Alde batetik erabilera goiztiarra indartu da eta bestetik etapa desberdinetan hainbat ikasgai ingeleraz irakasten dira.
  • Familien beharrei erantzun asmoz, “lan-egutegi” zerbitzua bideratu dugu. Hau da, opor garaian (irailean, Gabonak, Aste Santua, ekaina edota uztailean) ikasleek kalitatezko aisialdia izateko aukera dute gure ikastetxean.

Jakin ezazue, otsailaren 1ean, larunbata, ate irekiak izango ditugula 10:30ean gazteleraz eta 11:30ean euskaraz. Hurrengo ikasturteari begira matrikulatzeko garaian dagoen alaba edo semerik baduzue ikastetxeko idazkaritzara hurbiltzea gomendatzen dizuegu. Bide batez, egoera berean dagoen familia kideren edo lagunen bat baduzue ere, informazio hau helaraztea eskertuko genizueke.