Select Page

Abenduaren 3an DBH4ko ikasleekin Guggenheim Museum Bilbao museora irteera antolatua burutu genuen. Bertan bi giden eskutik arte garaikideko erakusketaz gozatzeko aukera izateaz gain Bilbok, eta batez ere Guggenheim museoaren inguruak,  industria arotik gaur egunera arte izan duen bilakaeraz ikasi ahal izan genuen.

Museoari dagokionez, bisita Frank Gehry arkitekto kanadarrari buruzko azalpenekin hasi genuen eta eraikinaren diseinuan eman zituen pausu berritzaileak azaldu zizkiguten, izan ere, lehen aldiz eraikinaren diseinua hiru dimentsiotan garatutako maketatik eratorri baitzen eta ez alderantziz. Guggenheim museoko eraikina XXI. mendeko arkitekturaren adierazle nagusi bilakatu da eta erabilitako materialak eta argitasuna ditu bereizgarri.

Erakusketan zehar artista ezberdinak izan genituen mintzagai: Richard Serráren eskulturen erakusketa iraunkorra, Louise Bourgeoisen eskutik museo kanpoan dagoen “Ama” armiarma, eta beste hainbat emakumezkoren artelanak. Amaitzeko Pop Art estiloko margolanak izan genituen aztergai.

Eguerdi bitartean hiriaz gozatzeko aukera izan zuten ikasleek eta arratsalderako egin genuen buelta.